XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ametsa

Antzerti obra bailitzan, andrearen ametsak zazpi atal izan zituen, bakoitza bere eszenatoki eta pertsonaiekin;

zenbaitetan, autobusaren mugimendu baldarren batek esnatzeko zorian jarritakoan eta, atal horiei pentsamendu izpiak edo oroitzapenak erantsi zitzaizkien, hala nola oinez dabilenaren zapatei lurra eta belarrak eransten zaizkien,

eta une haietan antzerti obrak galdu egiten zuen bere naturaleza erabateko eta bakarra, eta zerbait nahasi bihurtzen zen, ez soilik amets, baita kontzientziaren mende sortutako irudien erakusle ere.

Ametsaren lehenengo atalaren eszenak lorategi zabal batean jokatzen ziren, hamar bat urte lehenago, berak hogeita zazpi zituenean.

-Ikustezue? Laster loretan jarriko dira esan zuen eszenatoki hartan azalduz aristokrata itxurako gizon edadetu batek.

Bere zilar euskarriko makila gereziondo zerrenda bati buruz zuzendua zeukan.

Gereziondoen adarrak kimuz beteta zeuden.

-Goizegi, ez? Elurra egin dezake oraindik erantzun zion berak burdin landuko baranda batetik.

Baranda hura, harrizko etxe eder baten loggia-ri zegokion.

-Kostalde honetan ez dut uste.

-Lehengoan irakurri nuenez, Biarritzen ez du elurrik egin martxoan 1921etik esan zuen hirugarren batek tartean sartuz.

Oso itxura delikatuko mutil bat zen, hogeita hiru edo hogeita lau urtekoa, (...)